XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aniztasunaren isla

Kultura eta hizkuntza ugari bidea egiten ari dira azken urteotan australiar literaturan

Australian ingelesez idatzi eta argitaratutako literatura da nagusi, eta kanpoan ere Australiako idazleez hitz egitean ingelesez idazten dutenak dira ezagunak.

Sari garrantzitsuak irabazi eta filme ospetsuen oinarrian dauden eleberriak idazten dituzte.

Alta, bertako kultura eta hizkuntzek badute lekurik argitalpenetan.

Garikoitz Berasaluze / Donostia

AUSTRALIAKO hizkuntza ofiziala ingelesa bada ere, 1605. urtean Willem Janszoom bertara iritsi zen lehen europarra agertu artean ez zen hitzik egiten hizkuntza horretan Ozeaniako uharte handian.

Oraindik behar bezala zehaztu ez diren jatorrietako herriek jendeztatu zuten Australia duela milaka urte, eta ordudanik kultura ugariren sehaska izan da lur hura.

Gaur egun, dozenaka hizkuntza aborigen desagertzear daude, eta walmadjari, warlpiri, aranda, pitjantara, gubabunygu eta gunwingyu hizkuntzek soilik izango dute mila hiztun baino gehiago.

Badirudi kultura ezberdinak hasiak direla ostera ere beraien lekura itzultzen eta ezagutzera ematen munduan zehar.

Zenbait argitaletxe lan horretan dabiltza behintzat Australian.

Alabaina, kultura eta hizkuntza horien eta gehiagoren berri ingelesez ematen da batik bat, horrek aipatu kulturen inguruan ekar dezakeen ikuskera murriztua agerian jarriz.

Izan ere, aborigenen eta asiarren artean, zuriek Australiako gizartearen % 90 baino gehiago osatzen dute.

Argitalpenek eta literaturak gizarte anitz honen aldaerak eta islak eskaintzen dituzte.

Hemezortzi milioi baino gehiagoko biztanleriak, gehienak jatorri atzerritarrekoak, osatutako gizartearen arreta merezi izan duten gaiek literaturan eta saiakeretan gora egin dute azken urteotan.

Horien artean gizarteak duen kultura aniztasunaren, Australiak Pazifikoan duen lekuaren kontzientzia hedatzea horrek Asiarekin dakartzan harreman komertzial eta kulturalak gogoan hartzeko bide emanez, Ingalaterrarekin dituzten harreman historikoen hausturak edo errepublika ardatz duen eztabaida dira batez ere nagusiak eta orrialde gehien hartu dutenak.

Gai horiek guztiek indar hartu dute hamarkada honetan Australiako literaturan, 1988an, britainiarren eskutik etorri zen Australiaren kolonizazioaren bigarren mendeurrenaren garaian, sortu ziren eztabaiden ondorioz.

Bestalde, bertako kultura eta hizkuntzetako literaturek beraien eragina nabarmen handitu dute, eta ingelesezko argitalpen ugarik egin die leku azken urteotan kultura aborigenei.

Hala ere, Australiatik kanpo ia ez da entzuten edo irakurtzen ingelesez idazten ez den bertako lanik.

Peter Carey eta Thomas Keneally dira ezagunenak

Ingelesez idazten duten egile australiar horien artean zenbait ospetsuak dira nazioartean.

Peter Careyk Booker Prize saria ingelesez idatziriko literaturan urtero ematen den sari garrantzitsuena irabazi zuen 1988an Oskar eta Luzinda eleberriarekin; David Malouf sari horretan bertan finalean izan da Babilonia oroituz lanarekin; eta aurten Tim Witton sari hori irabaz dezaketenen artean da.

Baina azken bizpahiru urteetan nazioartean liburu gehien saldu duen idazle australiarra Thomas Keneally izan da.

Berak idatzi zuen Schindlerren untzia eleberria, gerora Schindlerren zerrenda izenburuarekin zinemara egokitu zena.

Spielbergek zuzenduriko filmeak zazpi Oscar jaso zituen eta Keneallyren eleberria lehendik ezaguna bazen ere Booker saria irabazi zuen 1982an, ordudanik miloika ale saldu dira mundu guztian.

Thomas Keneally 1935ean jaio zen, eta Sydneyn hazi eta hezi zen.

Hainbat eleberriren egilea da dozenatik gora eta horien artean Itsas barneko emakumea, Odol gorria eta aipatua dugun Schindlerren untzia dira.

Keneallyrekin batera, Peter Carey da azken hamarkadan australiar idazleen ordezkaritza Ozeaniatik kanpora eraman duena.

Gaur egun New Yorken bizi izateak, bestalde, asko lagundu dio Careyri bere lanak Estatu Batuetako salduenen artean kokatzeko orduan ere.

Carey, Bacchus Marshen jaio zen, 1943an, Victoria inguruan.

Monasheko Unibertsitatean ikasi eta bide profesionala iragarki agentzia batentzat lanean hasi bazuen ere, berehala nabarmendu zen literaturan.

Australian narratiba berriaren ordezkari ezagunena da egun, eta bere lan batzuek arrakasta handia lortu dute.

Berak idatzitako Iruzurgilea eleberria Booker sarirako finalean izan bazen ere, azkenean Oskar eta Luzinda lanak jaso zuen 1988an.

Harry bedeinkatua lana, berriz, eleberria oinarri hartu eta Careyk berak gidoia moldatuta, Ray Lawrenceren zuzendaritzapean zinemara eraman zen.

Careyren liburu berri bakoitza argitalpen arrakastatsua izan ohi da, bereziki Estatu Batuetan, Europan eta Australian bertan.

Peter Carey (ezkerrekoa) eta Frank Moorhouse.